lunes, 23 de marzo de 2009

Testu birsartua: EAEko Haur Hezkuntzan ikasleen % 64 D ereduan


A ereduak maila guztietako matrikulazioetan ikasleak galdu ditu eta D eredua maila guztietan finkatu da. Horixe da Euskal Estatistika Erakundeak, Eustat-ek, EAEn 2004-2005 ikasturteari dagokion eskola-jarduerari buruzko estatistika aztertuta ondorioztatu duen datua.
Eustat-en datuen arabera, 2004-2005 ikasturtean 435.554 ikaslek aukeratu zuten araubide orokorreko nahiz bereziko ikasketaren bat egitea Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrela, aurreko urtekoarekin alderatuta matrikulazioak % 1 igo ziren. Ikasle horien artean, 329.947k (% 75) Haur, Lehen eta Bigarren hezkuntzak egin zituzten; 72.394k (% 17) unibertsitateko ikasketak eta, azkenik, 33.213k (% 8) araututako irakaskuntza bereziak (hala nola: dantza, musika, arte eta lanbideak, kirola eta hizkuntzak).
Hiru lurraldeetan hazi zen izena emandako ikasleen kopurua, batez ere Araban (%3,5), gero Gipuzkoan (%1,7) eta, azkenik, Bizkaian (hazkunderik txikiena, %0,3).
D eredua nagusi DBH arte
Hizkuntza ereduei dagokienez, araubide orokorreko unibertsitate aurreko ikasketak batera hartuta D eredua da, erabat euskarazkoa alegia, nagusitzen dena. EAEn 2004-2005 ikasturtean Haur Hezkuntzatik (HH) hasi eta Zereginen Irakaskuntza bitartean matrikulatu ziren 310.624 ikasleetatik 162.205ek (% 52,5) ikasi zuten D ereduan. A eredua (gaztelania nagusi duena) kokatu zen bigarren tokian, 74.811 (% 24) ikaslerekin, eta B eredua (euskara eta gaztelania parekatuta) hirugarrenean, 71.792rekin (% 23). X ereduan, euskararen presentziarik ez duena, 1.816 (% 0,5) ikasle matrikulatu ziren.
Lehenengo mailetan, Haur Hezkuntzan (% 64), Lehen Hezkuntzan (% 55) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH, % 47), D eredua nagusi izan zen egindako matrikulazio guztien artean. Aitzitik, Batxilergoan, 10 ikasletik 5ek ikasketak gaztelaniaz egitea erabaki zuten. Lanbide Heziketan A eredua nagusitu zen joan den ikasturtean, ikasleen % 83arekin; eta soilik ikasleen % 15ak aukeratu zuten D eredua hezkuntzaren esparru horretan.
Azken bost urteetan zehar maila ezberdinetan eman diren aldaketak aztertuz gero, honako datuak lortzen ditugu: A ereduak maila guztietako matrikulazioetan ikasleak galdu ditu baina D eredua maila guztietan finkatu da. Ondorioz, ikasketak euskaraz egiteko aukera pixkanaka hedatzen ari dela esan dezakegu, eta batez ere hezkuntzako lehenengo mailetan (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan) areagotuz doala.
Lurraldekako datuak
EAEko hiru lurralde historikoetako datuak alderatuz gero, hirutik bitan, Gipuzkoan eta Bizkaian alegia, D eredua da hiru ereduen artean nagusitzen dena. Gipuzkoan D ereduaren ezarpena oso zabala da, unibertsitate aurreko hezkuntza maila guztietan ari diren ikasleen % 67a baitago eredu horretan eskolatua. Bizkaian ere D eredua agertzen zaigu beste bien aurretik, baina hemen eredu euskaldunenean eskolatutakoen kopurua ikaslego osoaren erditik behera (% 47) kokatu zen iaz.
Hiru lurraldeen artean euskal hiztunen kopururik txikiena duena da Araba, eta hezkuntzako hizkuntza ereduei erreparatuta ere gaztelaniazkoen tiradizoa nagusi da bertan. Araban A eredua beste bien aurretik ageri da eta D eredua bigarren tokian, ikaslegoaren % 33 eskasekin. B ereduari dagokionez, Araban eta Bizkaian hirugarren tokian kokatzen den bezala, Gipuzkoan bigarrena da. Azken lurralde honetan A ereduaren presentzia beste bietan baino askoz txikiagoa da (% 11).





No hay comentarios:

Publicar un comentario